XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Emakumeak azalpen hori sinetsi bazuen ala ez, bost axola.

Dena den, ez zuen bere eritzia eman, ez zuen azalpen hori dudatan jarri, agerian behintzat.

Emakumearen eta bahitzaileen arteko kontaktoa ez zen egiten, agerian behintzat.

Kikili eta Kokolo horren zain zeuden, baina ez zuten ezer susmagarririk kaptatu.

Ospitaleko kafetegira joateko txandakatu egiten ziren eta aldizkari grafikoak erosi eta igoten zituzten irakurtzeko eta irudiak ikusteko.

Horrela entretenitzen ziren, nahiz eta entretenimendu eskasa izan emakume haiek pertsonalki tratatu ordez irudietan ikusteaz konformatu behar zirelako.

Aurreko egunetako nostalgia sentitzen zuten, garbitzaile munizipalen itxuran auzategi erresidentzial hartako kaleetatik ibiltzen zireneko egunetakoa.

Orain han zeuden ospitale barruan preso bezala.

Eta ofizio biak gonbaratzen hasi ziren, mediku eta kale garbitzaile izatearena, eta azken hau iruditu zitzaien atseginagoa.

A!, eta besterik ere ba zegoen.

Tutti Fruttesaren falta ere sentitzen zuten, harekin egindako solasaldiena, izozki bana jaten zuten bitartean....

- E, txo! - esan zuen halako batean Kikilik aldizkari bateko foto bat seinalatuz -. Ikusi nor dagoen hemen.

Kokolok fotoa begiratu eta... - Errekortxolis!- oihukatu zuen.

Bai, fotoan agertzen zena Dina Farini italiar artista hura zen, Angustietako Markesaren jaialdian ikusitako hura, Tutti Fruttesaren antza zuena.

Atseginez begiratu zuten fotoa.

Oso dotore jantzita, distiragarria agertzen zen italiar zine artista.

Eta antza zuen, handia gainera, izozki saltzailearekin.